Kutxaren gizarte ekintzaren laguntzaz, eskalatzaile batentzat hain esanahi sakona duen Hatz Puntak izenburupean, 2004an proiektu berri bati ekin genion. Hainbat argazkiren inguruan erakusketa bat antolatu genuen eta urte bereko otsailean jarri genuen lehendabizikoz jenderen eskura Kutxak Donostiako Boulevardean duen egoitzan.
Erakusketa formatu handiko 104 argazki, hauei loturiko 35 testu eta ikus-entzunezko batez osaturik zegoen. Zentzu artistikoa eman nahi izan genion, bide eta eskaladarik ezagunenak erakusteaz gaindi ingurunearekin dugun harremana, bizitza hau ulertzeko modua, gertuko jendearekin ditugun kontaktuak eta abar adieraziz.
Erakusketak iraun zuen 23 egunetan 13.000 lagunetik gora pasa ziren Boulevardeko egoitzatik, eta Igandero Rikarrek eta biok eskaini genituen bisita gidatuetan horrenbeste jende bildu zen, zaila egin zitzaigula guztiei komentario eta azalpenak ematea.
Hatz Puntak beste hainbat lagunekin batera egindako lan gogorraren fruitua izan zen. Ramon Olasagastik idatzi zituen argazkien osagarri izan ziren testuak eta Joseba Urretabizkaia izan zen zuzendaritza artistikoaren burua. Rikarrek eta biok, ia argazki guztiez gain, ilusio eta lan dosi handiak jarri genituen. Gainera, erakusketarekin batera izen bereko liburua ere sortu genuen, Ramon Olasagastiren testuek lagunduriko zuri-beltzeko hainbat argazkiz osatua. |